XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zein jainkoaizunek bete du zure lekua?- galdetu zion.

- Urrezko batek.

- Horixe da munduaren gidari bakarra - esan zion Scroogeren izaki zaharrak.

Ezer ez dago mundu honetan ezedukia bezain gorrotagarririk, ezta ondasunak lapurtzea adina zigortzen denik.

- Beldur handiegia diozu munduari - erantzun zion neskatilak adeiz.

Zeure itxaropen guztiak gizarteak ahakar hori egin ez diezazun xahutu dituzu.

Eta zure desira jator guztiak banan-banan erortzen ikusiak ditut, Irabaztearen grina nagusia zutzaz jabetuz joan den neurrian, ez ala?.

- Zer bada?- erantzun zion hark -.

Zer, gero eta zuharrago bihurtu banaiz?.

Zurekiko ez naiz ezertan aldatu.

- Neskatilak buruari eragin zion.

- Gure tratua aspaldikoa da.

Biok behartsuak ginenean eta geure lan saiatuaz diru pixka bat gehiago izatea espero genuenean egina.

Zu aldaturik zaude.

Elkarri hitza eman genionean, zu besterik zinen.

- Mutiko bat nintzen - esan zuen urduri.

- Zeure sentimentu horiek beroriek esaten didate orain ez zarela lehen zinen hura ihardetsi zion neskatilak. Ni lehengoa nauzu.

Bihotzez bat ginenean elkarri agintzen genion zorion hura, orain bi garelarik, zoritxarrez beterik dago.

Zenbat aldiz eta zeinen sakon honetaz pentsatu dudan ezin niezazuke adieraz.

Buruan aski erabili dudala eta askatasunean utz zaitzakedala jakinerazteaz nahikoa duzu.

- Inoiz ahalegindu al naiz askatasun hori berreskuratzen? - Hitzez inoiz ere ez.